Taldearen lehenengo agerraldia Thames Ironworks (Tamesiseko burdinola) izenarekin izan zen. 1895ean West Ham auzoko Kopa irabazi zuen eta 1897an Londresko Liga. 1898an talde profesionala bihurtu zen. Hasieran kolore urdin iluna izan zuten, Arnold Hills taldearen jabea Oxfordeko Unibertsitatean ikasia zelako, baina 1899an Ligako txapeldunak ziren Aston Villakoekin galdutako apustu bat medio haien koloreak hartu zituzten. 1901ean izena aldatu eta auzoaren izena hartu zuten, West Ham United bihurtuz.
Beti izan da talde apala, baina 1961ean Ron Greenwood entrenatzailea fitxatu eta taldearen urrezkoa aroa iritsi zen. 1964ean Kopa irabazi zuen, taldearen lehenengo titulua, eta hurrengo urtean Europako Errekopa eskuratu zuen.
1975ean bigarren kopa irabazi eta Errekopan berriz ere finalera iritsi zen, oraingoan ezin izan zuten titulua eskuratu. 1978an lehen mailatik jaitsi arren 1980an hirugarren kopa bat irabazteko gai izan zen. 1981ean berriz lehen mailara igo eta 1985-86 denboraldian ligako posturik onena eskuratu zuten, hirugarrena.
1999an UEFA Intertoto Kopa lortu zuen. 2006tik aurrera Premier Leaguean jokatu izan du, 2011-12 denboraldian ezik. 2020-21 denboraldian seigarren egin zuen, 1999an izan zuen bosgarren postutik lortu duen emaitzarik onena da. 2022-23 denboraldian Ligan apal ibili bazen ere UEFA Europa Conference League irabazi zuen finalean Fiorentina 2-1 garaituz.
Hasierako uniformea urdin iluna izan zen. Thames Ironworks lantegiko zuzendaria Arnald Hills Oxfordeko Unibertsitateko ikaslea izan zen eta berak erabaki zuen taldearen Oxforden koloreko jantziak eramatea.
Kondaira baten arabera William Belton West Hameko korrikalariak Birminghamen zela Aston Villa taldeko lau jokalariren aurka lasterketa egin eta irabazi egin zuen. Dirua jokatu zuten, baina haiek ez zuten dirurik ordaintzeko eta jokalarietako batek Aston Villaren ekipazioa eskaini zion ordainetan. 1903tik aurrera granate eta urdin argi kolorez jantzi dira westhamdarrak.