Edukira joan

Shanghaiko Nazioarteko Kontzesioa

Shanghaiko Nazioarteko Kontzesioa
Txantiloi:Herrialde info Txinako Errepublika (1912–1949), Qing dinastia
Administrazioa
HiriburuaShanghai
Deuseztapen data1943
Geografia
Koordenatuak31°14′31″N 121°28′24″E / 31.24201°N 121.47326°E / 31.24201; 121.47326
Azalera22,59 km²
Demografia
Biztanleria1.137.298 (1925)
Dentsitatea50.345,2 bizt/km²

Shanghaiko Nazioarteko Kontzesioa (txinera tradizionalez: 上海公共租界; pinyinez: Shànghǎi Gōnggòng Zūjiè), Shanghaiko britainiar eta estatubatuar barrutiek bat egitean 1863an sortu zen. Itun desberdinen bidez, Qing Inperioaren kontzesio horiek lurraldez kanpokoak ziren.

Opioaren lehen gerran, 1839 eta 1842 artean, britainiarrek Qing Armada garaitu ondoren ezarri ziren kontzesioak. Nankingo Bakearen baldintzapean, itunean aipatutako bost portuak – Shanghai barne – atzerriko merkatariei ireki zitzaizkien,[1] garai hartan Kantongo hegoaldeko portuak sostengatutako monopolioa irauliz. Britainiarrek errentamendu zabal bati esker ere base bat ezarri zuten Hong Kongen. Estatubatuarren eta frantsesen parte hartzeak gertutik jarraitu zien britainiarrei, eta haien barrutiak eremu britainiarraren iparraldean eta hegoaldean ezarri zituzten, hurrenez hurren.

Hong Kong eta Weihaiwei koloniak lurralde britainiar subiranoak ziren, baina Shanghaiko atzerritar kontzesioak, jatorriz, Txinako lurralde subirano gisa mantendu ziren. Hala ere, 1853ko Ezpata Txikiaren Elkartearen altxamenduaren garaian, matxinada menderatzeko laguntza ematearen truke Txinako erregimen inperialak atzerriko potentziei emandako kontzesioetan subiranotasunari uko egin zion.[2] 1854an hiru herrialdeek Shanghaiko Udal Kontseilua sortu zuten euren interes guztiak zerbitzatzeko, baina 1862an Frantziar Kontzesioa akordiotik erretiratu zen. Hurrengo urtean, britainiar eta estatubatuar kontzesioak formalki batu ziren Shanghaiko Nazioarteko Kontzesioa sortzeko.[1] Potentzia atzerritar gehiago Txinarekin itunetan sartu ziren heinean, bertako herritarrak ere kontzesioaren administrazioaren parte bihurtu ziren, baina beti izan zen gai britainiarra nagusiki, 1930eko hamarkadaren amaieran Japoniaren partaidetza handitu zen arte. Denboraren poderioz, beste herrialde batzuek erreklamazioak egin zituzten antzinako Estatubatuar Kontzesioan, eta bertan Alemaniar, Italiar, Errusiar eta Japoniar sektoreak sortu zituzten.[1]

Kontzesioaren barruan, Mendebaldearen antzeko giro soziala zegoen. Mendebaldeko eta Ekialdeko arkitektura estiloen nahasketa bat zegoen. Britainiar inspirazioko udaltzain talde bat egon zen (Shanghaiko Udaltzaingoa, 1854an ezarria) eta gobernu bereizi bat, Shanghaiko Udal Kontseilua.[1] Kontzesioa bere hotelengatik (horietako batzuk egun ere lanean jarraitzen dute), kasinoengatik, biltegiengatik, gaueko klubengatik eta parkeengatik famatua izan zen.[1] "Faboraturiko hamalau nazioetako" herritarrek (Belgika, Brasil, Danimarka, Erresuma Batua, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Herbehereak, Italia, Japonia, Norvegia, Portugal, Suedia eta Suitza) lurraldez kanpotasunaren pribilegioa zuten. Hala ere, Udal Kontseiluak autonomia politikoa zuen kontzesioko egoiliarren gainean, txinatarrak zein atzerritarrak.

1941eko abenduan Shanghaiko Nazioarteko Kontzesioak amaiera latz bat izan zuen, Pearl Harborko erasoaren ondoren japoniar tropek hiri osoa okupatu zutenean. 1943. urtearen hasieran, Chiang Kai-shek gobernatzen zuen Txinako Errepublikak sinatutako itun berriek formalki amaitu zituzten estatubatuarren eta britainiarren lurraldez kanpoko pribilegioak, nahiz eta haien terminoak eztabaidagarriak izan Shanghai askatu arte, hau da, 1945. urtean Japoniak amore eman ondoren.[1] Ondoren, frantziarrek beren pribilegioak 1946ko akordio bereizi batean laga zituzten.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 4 5 6 (Ingelesez) «Chinatown Reversed: The Shanghai International Settlement» Throughout History 2011-10-15.
  2. (Ingelesez) Li, Xiaobing. (2012). China at War. Santa Barbara: ABC-CLIO, 415 or. ISBN 978-1-59884-415-3..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Shanghaiko Nazioarteko Kontzesioa
Morty Proxy This is a proxified and sanitized view of the page, visit original site.