Edukira joan

Pasteur Bizimungu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pasteur Bizimungu

(1998)
Ruandako presidente

1994ko uztailaren 19a - 2000ko martxoaren 23a
Théodore Sindikubwabo - Paul Kagame
Bizitza
JaiotzaGisenyi Province (en) Itzuli, 1950 (75/76 urte)
Herrialdea Ruanda
Hezkuntza
HeziketaEstrasburgoko Unibertsitatea
National University of Rwanda (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakRuandako Gerra Zibila
Ideologia eta sinesmenak
Alderdi politikoaRuandako Fronte Patriotikoaren
Demokrazia eta Garapenerako Mugimendu Errepublikano Nazionala

X.com: PBizimungu Edit the value on Wikidata

Pasteur Bizimungu (1950ean jaioa) Ruandako hirugarren presidentea izan zen, gerra zibila eta tutsien genozidioa bukatu eta jarraian, 1994ko uztailaren 19tik 2000ko martxoaren 23ra arte.

Hutu etnikoa, ipar-mendebaldeko Gisenyi prefektura izandakoan jaioa. Bertan piztu zen 1973ko estatu kolpea, Kayibanda lehen presidentearen kontra, eta Juvénal Habyarimana presidente bihurtu zuena, MRND (Mouvement Révolutionnaire National pour le Développement) alderdi bakarra agintean. Alderdiko kidea zen Bizimungu, eta hainbat kargu izan zituen gobernuan. 

FPR alderdira pasa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Habyarimanaren erregimenarekin ez ados, eta Ruandako armadan (FAR) zuen anaia baten hilketa tartean,1990ean MRND utzi eta Fronte Patriotiko Ruandarra (FPR) alderdira batu zen [1], Ugandako erbesteko ruandar tutsiek sortua. Urte hartako urrian eraso militar bati ekin ziona. Bizimungu Belgikan erbesteratu zen, baina parte hartze aktiboa izan zuen 1993ko urriko Arushako bake akordioan, Ruandako gobernuaren, FPRren eta oposizioko beste alderdien arteko negoziazio luze eta konplexu batzuen buruan sinatua.

Bakea ez zen iritsi. 1994ko apirilaren 6an Habyarimana eraila izan zen, bere hegazkinaren kontrako atentatu batean, eta hiru hilabete apokaliptikok jarraitu zioten, tutsien genozidioaz, eta gerra zibilean, FPRren indarrak aurrera egiten, Ruandako ekialdetik, eta FAR armada eta milizia hutuak atzerantz, Mobuturen garaiko Zaireko mugarantz, non babesa bilatuko zuten, errefuxiatuen eremuetan.

Erregimen berriko presidente

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1994ko uztailean, FPRk herrialdearen kontrola lortu zuen, eta batasun nazionaleko gobernua ezarri zen, Arushan sinatutakoa oinarri hartuta, alderdi genozidatzat jotako MRND kenduta. Bizimungu zen presidentea, MDR alderdiko Twagiramungu hutua lehen ministroa, eta FPRko buru Paul Kagame tutsia presidenteorde eta defentsa ministroa. 18 ministroetatik 12 ziren hutu etniakoak [2] . Dena den, berehala nabarmendu zen Kagame zela Ruanda berriko goi burua.

Herrialdean dena zegoen suntsituta, jendartetik hasita. Nazioarteko erakundeek errolda bat proposatu zien, baina FPRk ez zuen interesik erakutsi [3]. Kopuruak estimazioak dira, baina egoera larriaren dimentsioez jabetzeko, 1991ko errolda kontutan hartuta, Ruandak 7'7 milioi biztanle zituen 1994 hasieran. Reintjensen arabera, 1.100.000 milioi hildako izan litezke, biktima hutuak barne, bai Ruandan bertan, bai Zaireko errefuxiatu eremuetan. UNHCR (Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritza) erakundearen arabera 3 milioi errefuxiatu ruandar zeuden atzerrian, gehienak 1997an itzuliko zirenak [4]. 100 bat mila preso pilatuko ziren kartzeletan, epaiketaren zain. Barneko desplazatuak ere ehunka mila ziren, baita atzerritik itzultzen ari ziren erbesteratu tutsiak.

Gobernu barruko desadostasunak azkar sortu eta handituz joan ziren, eta 1995ean jada dimititu eta erbesteratu ziren Twgiramungu eta Seth Sendashonga barne ministroa. Bizimunguk 2000ko martxoan dimititu zuen; eta Kagame presidente bihurtu zen.

Oposiziora berriz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2001eko maiatzean, Bizimunguk oposizioko alderdi bat sortu zuen, Demokrazia eta Berrikuntzarako Alderdia (Parti démocratique pour le renouveau, PDR). Gobernuak legez kanpo jarri zuen. Behin-behineko konstituzioak genozidioaren amaieran zeuden alderdiak bakarrik onartzen, zituen eta alderdi berriak sortzeko gobernuaren baimena behar zen.

2000ko apirilaren 19an, Bizimungu etxeko atxiloaldian egon zen, alderdiaren jarduerekin jarraitu eta Estatua arriskuan jartzea egotzita. 2004an 15 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten "konspirazio kriminalagatik, diru publikoen bidegabeko erabileragatik eta desobedientzia zibilerako bultzadagatik".

2007ko apirilaren 6an askatu zuten, tutsien genozidioaren urteurrenean, Kagame presidentearen barkamen ekimen baten bidez .

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «BBC News | AFRICA | Analysis: Why Bizimungu mattered» news.bbc.co.uk (kontsulta data: 2026-03-26).
  2. Melvern, Linda. (2007). Un pueblo traicionado. Intermón Oxfam, 285 or. ISBN 978-84-8452-489-2..
  3. Reyntjens, Filip. (2018). El genocidio de los tutsi en Ruanda. Universidad de Deusto, 56 or. ISBN 978-84-1325-026-7..
  4. Piton, Florent. (2018). Le génocide des Tutsi du Rwanda. Editions le Découverte, 174-176, 209-212, 230-231 or. ISBN 978-2-7071-9068-0..
Pasteur Bizimungu
Morty Proxy This is a proxified and sanitized view of the page, visit original site.