Edukira joan

Antzutasun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Antzu» orritik birbideratua)

Antzutasuna organismo bizi baten ugalketa eragozten duen anomalia bat da, bere sexu-organoen egitura edo funtzionamenduaren alterazioengatik edo bere gametoak akastunak direlako. 12 hilabeteren bitartean babesik gabeko sexu harreman erregularrak mantendu izan badira, eta haurdunaldirik lortu ez bada, antzutasunaz hitz egin dezakegu. Honen kausak askotarikoak izan daitezke, eta sexuaren arabera aldatu egiten dira. Munduko Osasun Erakundearen arabera, helduen %17,5ek sufritzen dute, hau da, seitik batek antzutasuna pairatzen du[1].

Gaur egun, ohikoa da antzutasun eta ugalezintasun terminoak nahastea. Antzutasuna, haurdun geratzeko ezintasunari deritzo, ez da ernalketarik ematen. Ugalezintasunean, aldiz, ernalketa dago, baina haurdunaldia amaierara arte eramateko ezintasuna dago, batez ere umetokiaren atzeko horman zigotoaren ezarpen akatsak ematen baitira[2].

Kausen %65 emakumezkoarekin erlazionatzen dira, beste %25 kausa maskulinoei dagozkie, eta %10 kausa ez maskulino ez femeninoei, baizik eta gizonezkoaren semena emakumezkoaren muki zerbikalarekin kontaktuan sartzean sortzen den bateraezintasunarekin erlazionatzen da. Azkenik, kasuen %15ean antzutasuna agertzen da kausa etiologikorik aurkitu gabe.

Bi antzutasun mota daude:

  • Antzutasun primarioa: bikoteak ez du inoiz modu naturalean haurdunadirik lortu.
  • Antzutasun sekundarioa: lehen haurdunaldi baten ondoren, bikoteak ez du bigarren haurdunaldi bat lortzen. Lehenengo haurdunalditik 12 hilabete pasa behar dira gutxienez antzutasun sekundarioaren inguruan hitz egiteko.

Etiopatogenia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumezkoetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumearen ugalketa gaitasunari hainbat faktorek eragin diezaiokete. Arrazoi ohikoenak honako hauek dira:

  • Faktore tubarikoa: falopioren tronpen alterazioekin erlazionatuta dago. Bertan, espermatozoidea eta obulua elkartzen direnez, tronpen buxadurak, endometriosiak edo salpingitisak enbrioia sortzea eragozten dute[3].
  • Faktore endokrinoa: hilekoaren zikloaz eta obulazioaz arduratzen diren hormonen arazoei erreferentzia egiten die, hau da, akats hipotalamo-hipofisiario bati. Honek, alterazioak eragin ditzazke, hala nola, obozito kalitate txarra, anobulazioa, amenorrea, obuluen akats goiztiarra, etab. Hurrengo patologietan maiz ikusi dezakegu:
  • Faktore zerbikala: bai umetokiaren lepoko egituran akatsak bai umetokiaren lepoko funtzionalitatearen akatsak espermatozoidearen ibilbidea oztopatu dezakete. Adibidez, malformazioak edo estenosi zerbikala duten emakumezkoetan.
  • Umetoki faktorea: malformazioak, polipoak, miomak, sinekiak… espermatozoidea obuluraino iristea eragotz dezakete.

Gizonezkoetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizonezkoen kausen artean, honako hauek ditugu:

  • Faktore pretestikularra/endokrinoa: espermatozoideen sintesia erregulatzen duten hormonen alterazioekin erlazionatzen da. Honek, eragin negatiboak izan ditzazke espermatozoideen eraketan haurdunaldia eragotziz. Honako patologia hauetan ohikoa da:
    • Hipogonadismoa
    • Hiperprolaktinemia
    • Tiroidearen disfuntzioak
    • Gonadotropinen alterazioak (FSH/LH)
  • Faktore testikularra: orkitisa, hidrozelea, kriptorkidia, traumatismoak edo barikozelea bezalako patologiak dira ohikoenetako batzuk.
  • Faktore postestikularra: kasu honetan espermatozoideen sintesi egokia ematen da, baina hauek zailtasunak aurkitzen dituzte kanpora ateratzeko eiakulazioan. Hodi deferenteen buxadura, zenbait infekzio, eiakulazio atzerakoia, basektomia, traumatismoak, etab. dira alterazio postestikularren zenbait adibide.
  • Faktore espermatikoa: gerta daiteke espermatozoideen kalitatea nahikoa ez izatea haurdunaldi natural bat lortzeko. Espermatozoideen mugikortasunean, morfologian edo kontzentrazioan akatsak egonez gero, arazoak sortu daitezke haurdunaldia lortzeko. Honako egoera hauek eman daitezke:
    • Oligozoospermia: espermatozoideen kantitate urria dago
    • Astenozoospermia: espermatozoideen mugikortasunean alterazioak daude
    • Teratozoospermia: espermatozoideen forman akatsak daude.

Hiru egoera hauetan haurdunaldia lortzeko arazoak ager daitezke.

Arrisku faktoreak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Norberaren bizimoduak ere paper garrantzitsua beteko du gaitz honetan. Hona hemen adibide batzuk[4]:

  • Gorputz-masaren indizea (GMI): Pertsona bat osasungarritzat hartzen da bere GMI 18,5 - 25,5 tartean dagoenean. GMI > 29 duen emakumezko batek antzutasuna izateko arrisku gehiago izango du. Era berean, GMI < 19 duten emakume horiek arazo berberak dituzte, horrelako emakumeek amenorreak edo hileroko irregularrak izaten dituztelako.
  • Kirola: Eragin onuragarria du ugalkortasunean, beti ere neurrian egiten bada.
  • Sedentarismoa: Eragin negatiboa du ugalkortasunean obesitatea eragin dezakeelako.
  • Tabakoa: Bikoteko kideren batek tabakoa erretzen badu, haurdunaldiaren probabilitatea murriztu daiteke. Gutxi balitz bezala, ugalkortasunerako tratamenduak hain eraginkorrak ez izatea eragin dezake. Berezko abortuak izateko arriskua areagotu egin daiteke tabakoa erretzen duten emakumeen artean.
  • Kafeina: Orain arte ez dago ebidentziarik kafeinan oinarritutako elikagaiek (tea, kafea edo freskagarri batzuk) gizonen eta emakumeen ugalkortasunean eragin dezaketela esateko. Hala ere, kafea estimulatzailea denez, mugikortasun espermatikoa bultza dezake (dosi moderatuetan), ugalkortasuna erraztuz.

Gainera, adinak ere berebiziko garrantzia izango du; izan ere, emakumezkoak obulu kantitate zehatz batekin jaiotzen dira, eta pubertarora iritsi arte kantitate hori nabarmen jeisten da. Zehazki, jaiotza aurretik obulu kantitatea 1 eta 2 milioi artean kokatzen da. Gerora, milioi ingurura jaisten da jaiotzean, eta berriz, pubertaroan 300.000 - 400.000 obulu daudela estimatzen da. Hortaz, esan daiteke urteak aurrera egin ahala, emakume baten bizitza emankorra murriztuz doala, batez ere 40 urtetik aurrera, non obuluen erreserba eta kalitatea dezente jeisten den. Azkenik, menopausiarekin jada ez da ia obulu funtzionalik geratzen.

Oro har, bikote batek 12 hilabetez babesik gabeko sexu-harreman erregularrak izan ondoren (edo 6 hilabetez emakumeak 35 urte baino gehiago baditu) haurdunaldia lortu ez duenean hasten da antzutasun-azterketa. Diagnostikoak bi aldeei heldu behar die, kausak maskulinoak, femeninoak edo konbinatuak izan daitezkeelako. Lehenik eta behin, hasierako ebaluazio bat burutuko dugu[5]:

  • Historia kliniko zehatza: Medikuak familia-aurrekariei, aurretiko gaixotasunei, kirurgiei eta bizimoduari (tabakoa, alkohola, estresa) buruzko informazioa biltzen du.
  • Miaketa fisikoa: Azterketa mediko orokorra eta ugaltze-organoena bi kideetan.

Proba diagnostikoak emakumeengan[6]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Azterketa hormonala (odol-analisia): hormona folikuloestimulatzailea (FSH), luteinizatzailea (LH), estradiola, prolaktina, hormona antimulerianoa (AMH) eta progesterona neurtzen dira, obulazioa dagoen edo ez egiaztatzeko.
  • Ekografia transbaginala: umetokia eta obulutegiak ikusteko, arazo anatomikoak baztertzeko (miomak edo polipoak, adibidez) eta antroko folikuluak zenbatzeko aukera ematen du.
  • Histerosalpingografia: Kontrastea duen erradiografia bat da, Falopioren tronpak iragazkorrak direla (ez daude buxatuta) eta umetoki-barrunbeak forma normala duela egiaztatzeko balio duena.
  • Histeroskopia: Anomaliak susmatzen diren kasu espezifikoetan, kamera txiki bat sartzen da umetoki-lepoan zehar, umetokiaren barrualdea zuzenean esploratzeko.

Proba diagnostikoak gizonengan[7]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Seminograma: Proba nagusia da. Laborategiko semen-lagin bat aztertzen da, espermatozoideen bolumena, kontzentrazioa, mugikortasuna eta morfologia ebaluatzeko.
  • Azterketa hormonala: Odol analisi baten bidez testosterona, FSH edo LH mailak neurtuko ditugu, batez ere seminogramak alterazio larriak erakusten baditu.
  • Barrabiletako ekografia: Anomalia anatomikoak, kisteak, tumoreak edo barikozelea baztertzen laguntzen du (eskrotoko zainen dilatazioa, semenaren kalitatean eragina izan dezakeena).
Teknika Zertan datza?
Intseminazio artifiziala[8] Teknika sinpleena da. Gizonaren hazia laborategian prestatzen eta optimizatzen da (espermatozoide azkarrenak aukeratuz), eta emakumearen umetoki barruan sartzen da hodi fin baten bidez, zehazki obulazioaren unean.
In vitro ernalketa Prozesu konplexuagoa da. Emakumeari obuluak ateratzen zaizkio ebakuntza txiki baten bidez. Obulu horiek laborategian elkartzen dira espermatozoideekin enbrioiak sortzeko. Egun batzuk igarota, garapen onena izan duen enbrioia amaren umetokian ezartzen da.
Espermatozoidearen injekzio intrazitoplasmatikoa Gizonaren espermatozoide kopurua oso txikia denean edo mugikortasun arazo larriak daudenean erabiltzen da. Kasu honetan, biologoak espermatozoide bakar bat aukeratzen du eta zuzenean obuluaren barruan injektatzen du mikroskopio baten laguntzaz.
Zigotoen transferentzia intratubarikoa Ebaki abdominal txiki baten bidez, pazientearen falopioren tronpan bere obulu bat ezartzen da, aldez aurretik erauzia eta organismotik kanpo ernaldua.

Antzutasuna oso prozesu gogorra da maila emozionalean. Bikote askok estresa, antsietatea, erruduntasuna, frustrazioa eta tristura sakona sentitzen dute hilabeteek aurrera egin ahala eta haurdunaldia lortzen ez denean. Horrez gain, tratamendu medikoak gogorrak izan daitezke fisikoki zein mentalki. Horregatik, laguntza psikologikoa[9] jasotzea oso garrantzitsua da prozesu osoan zehar, osasun mentala zaintzeko. Gaur egun, psikologia perinatala edo ugalketa-psikologia espezialitatea dago. Profesional horiek oso tresna zehatzak eskaintzen dituzte une kritikoei aurre egiteko, hala nola "betaitxaronaldia" (tratamenduak funtzionatu duen jakin arteko 15 egun larriak) edo huts egindako saiakera baten osteko dolua. Ugalkortasun klinika gehienek laguntza psikologikorako sail bat dute beren protokoloen barruan. Estresa kudeatzen laguntzeko edo erabaki oso zailetan gidatzeko kontsultak eskaintzen dituzte (adibidez, emaile baten obuluak edo esperma behar direla onartzea).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Organización Mundial de la Salud. 1 de cada 6 personas en el mundo padece esterilidad en algún momento de su vida [Internet]. Ginebra: OMS; 4 de abril de 2023 [citado 26 de marzo de 2026]. Disponible en: https://www.who.int/es/news/item/04-04-2023-1-in-6-people-globally-affected-by-infertility
  2. Reproducción Asistida ORG. Diferencia entre esterilidad e infertilidad: ¿Cuáles son las causas? [Internet]. Reproducción Asistida ORG; [citado 26 de marzo de 2026]. Disponible en: https://www.reproduccionasistida.org/esterilidad-e-infertilidad/
  3. Mayo Clinic. Infertilidad - Síntomas y causas [Internet]. Mayo Clinic; [citado 26 de marzo de 2026]. Disponible en: https://www.mayoclinic.org/es/diseases-conditions/infertility/symptoms-causes/syc-20354317
  4. Mayo Clinic. Infertilidad - Síntomas y causas [Internet]. Mayo Clinic; [citado 26 de marzo de 2026]. Disponible en: https://www.mayoclinic.org/es/diseases-conditions/infertility/symptoms-causes/syc-20354317
  5. Mayo Clinic. Infertilidad - Diagnóstico y tratamiento [Internet]. Mayo Clinic; [citado 26 de marzo de 2026]. Disponible en: https://www.mayoclinic.org/es/diseases-conditions/infertility/diagnosis-treatment/drc-20354322
  6. Biblioteca Nacional de Medicina de los EE. UU. Infertilidad [Internet]. Bethesda: MedlinePlus; [citado 26 de marzo de 2026]. Disponible en: https://medlineplus.gov/spanish/infertility.html
  7. Manual MSD versión para público general. Infertilidad [Internet]. Rahway: Merck & Co., Inc.; [citado 26 de marzo de 2026]. Disponible en: https://www.msdmanuals.com/es-es/hogar/salud-femenina/esterilidad/infertilidad
  8. Reproducción Asistida ORG. La reproducción asistida: tipos, precio y Seguridad Social [Internet]. Reproducción Asistida ORG; 4 de diciembre de 2025 [citado 26 de marzo de 2026]. Disponible en: https://www.reproduccionasistida.org/reproduccion-asistida/
  9. Instituto Dra. Gómez Roig. Apoyo Psicológico a la Pareja [Internet]. Barcelona: Instituto Dra. Gómez Roig; [citado 26 de marzo de 2026]. Disponible en: https://www.gomezroig.com/apoyo-psicologico-a-la-pareja/

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
Antzutasun
Morty Proxy This is a proxified and sanitized view of the page, visit original site.